XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Gaitzespenaren balioa

John Hume buruzagi irlandarra gure artean izan dugu aste honetan Ipar Irlandako bakegintzari buruz bere ideiak azaltzen.

Seguraski duela hiruzpalau urte oso jende gutxiren artean zen ezaguna.

Han bai, bere herrian oso ezaguna eta apreziatua zen aspaldidanik, nahiz eta urte askotan unionistentzat eta IRAko zaleentzat gizaki gorrotagarria izan.

Batzuek, unionistek alegia, elkarrizketa, mugarik eta baldintzarik gabe, defendatu izan duelako terroristen biaje kidetzat jo zuten.

Besteek, IRAkoek eta Sinn Feinekoek, biolentzia oro, baita Irlandako askatasunaren izenean egiten zena ere, salatu eta kritikatzen zuelako etsaien alde ari zen irlandar saldua zela zioten.

Gaur Irlanda osoan eta batez ere Iparraldean pertsona estimatuenetako bat da egindako lan eskerga horri esker.

Gogoan ditut Sinn Feinekin derrigorrez hitzegin beharra zegoela defendatu zuenean unionisten aldetik jaso izan zituen irain eta biraoak.

Baina batez ere memorian ondo gordeta daukat kritika haien egileei zuzendu zien erantzuna.

Gutxi gorabehera honako hau zioen: indarkeriazko egoera konpontzeko ohizko gaitzespenetik aparte ezer gehiago ez baduzue eskaintzeko, zeuen oferta benetan oso pobrea da.

Humek beti izan du garbi biolentziaren gaitzespena behar-beharrezkoa dela bake prozesu batean, nahiz eta hori ez izan aski.

Gure artean, berriz, Herri Batasunekoek akordio politikoaren beharra goraipatzen dute eta indarkeriaren gaitzespena mesprezatzen.

Hipokrisia hutsa omen eta, gainera, antzua.

Baina hori diotenean besteok badakigu ez direla ari beraiek jasan dezaketen biolentziaz, euren mundutik eragindakoaz eta besteek sufritzen dutenaz baizik. Ez al da ba horrela?

Edo bestela, erretorika eta hipokrisia hutsa bada, zergatik kondenatzen da dispertsioak presoengan eragindako bortxa, edota Mahai Nazionalaren bahiketa, edo tortura kasuak gertatu izan ohi direnean.

Ez ote dira ba horiek ere gatazka politikoaren ondorio?

Bakearen beharra norberaren komentzimenduaren ondorio denean, biolentziaren gaitzespena ez da antzutasun edo eraginkortasun kontu bat, norberari eta besteei zor diegun leialtasuna baizik.